XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Galtzaile zein irabazleen seme, gure koadrilan bi koloretakorik zegoen hartara: gorri zein urdin, hala nola, bien nabardurak jasotzen dituen neurrian, bien morroi ere dena: arrea.

Julianen larru-azalaren kolorea hain zuzen.

GERRAREN ENBATAK berekin eramandako Don Jose maisuaren ordezkoaren eskutik azaldu zen Julian estrainekoz eskolara, eta usadiozko errezuen ondoren aurkeztu zigun maisuak iritsi berria: Julian.

Ez zuen besterik esan, eta aurrerantzean beste bat bailitzan hasi zen berarekin, heldu berri den orori zor zaion ardura izpirik ere erakutsi gabe.

Hasiera hartan, eta gurekin egon zen bitartean orobat, kasik ez zen hitzik atera Julianen ahotik, ezta bere begietatik negar anpulurik txikiena ere isuri, beren ohiko girotik deblauki erauziak izan eta egoera arrotz batera egitera behartuak diren haurrengan gertatu ohi denaren kontrara.

Isil-isilik, bere baitan bildua pasa zituen hasierako egun haiek guztiak, kinka larri hari eusteko behar zituen euskarri guztiak, kanpoan baino areago, beregan aurkituko bailituen.

Irudi ere, lotsati eta ahula zirudien Julianek, hitz eta keinuetarako antzu, eta halaxe iritzi zioten klasekoek estraineko egunetik, goiz hartan bertan, eta jada zegokion aulkian burumakur eserita zegoela, gutako batek, ardailaren anonimatoan babesturik, ijituprejitu! bota baitzion inpentsan.

Alvarok.